"Lehen Hitza Euskaraz" kanpaina

Zer da Lehen Hitza Euskaraz kontu hau?

Euskarari bisibilitatea handitzeko, garrantzitsua da sarean ere lehen hitza euskaraz ematea. Sareko lehen hitz hori, gure hizkuntza zein den adierazten duena, gure gailuek ematen dute eta, horregatik, garrantzitsua da gure gailuak euskaraz konfiguratuta izatea, nabigatzaileak zein mugikorrak.

Izan ere, zure nabigatzaileak (menuak edozein hizkuntzatan egon arren), zure hizkuntza hobespenei buruzko informazioa ere ematen du. Hau da, zuk zein hizkuntza nahiago duzun esaten du webgune batera sartzerakoan.

Zoritxarrez, gure gailuak erdaraz konfiguratuta etortzen zaizkigu dendatik eta normalean ez ditugu aldatzen. Egoera hori aldatzeko jaio da kanpaina hau, "Interneten ere, lehen hitza euskaraz". Asmoa da, euskal internauta eta garatzaileen artean kontzientzia sortzea egoera honen inguruan, eta euskaraz nabigatu ahal izateko informazioa eta tresnak ematea (batez ere, ordenagailuko nabigatzailea euskaraz konfiguratzeko, mugikorra euskaratzeko, eta webguneetako kudeatzaileei ere laguntza emateko).

Zergatik eta zertarako?

Zergatik da garrantzitsua Interneten lehen hitza euskaraz ematea?

  • Euskararen pisu espezifikoa Interneten handitzeko (zure nabigatzaileak esaten baitio munduari zein den zure Interneteko ama hizkuntza). Euskara Interneteko hizkuntzarik erabilienen artean jarri behar dugu. Web garatzaileei, Robotei eta Interneteko enpresa handiei erakutsi behar diegu euskaldunok ere existitzen garela; Interneten bagaudela.
  • Webgune eleanitzetan, zuzenean euskarazko bertsioa jaso dezazun.
  • Programa bat deskargatzeko orduan, zuzenean euskarazko bertsioa jaso dezazun (baldin badago).

Egungo egoerararen diagnostiko txiki bat

Kanpaina honen harira, egungo egoeraren azterketa txiki bat egin dugu (2017ko lehen hiruhilabetekoan). Azken datuen arabera, Euskal Herriko internauten %3-5 inguruk soilik dauka nabigatzailea euskaraz konfiguratuta. Euskaldunen artean ere, %10 inguruan dago nabigatzailea euskaraz daukatenen kopurua.

Egoerak okerrera egin du, gainera, azken urteotan, mugikorren zabalkundearekin batera. Izan ere, mugikorretako nabigazio-hizkuntza konfiguratzea zailagoa da, oro har, ordenagailuetakoa baino. Eta mugikor askotan ezinezkoa ere bada euskaraz konfiguratzea. Oraingo kanpainan honen antzekoak egin izan ziren 2005-2012 artean, besteak beste PuntuEusk Fundazioak edota Sustatuk bultzatu zituztenak. Kanpaina haien ondorioz, eta Firefox nabigatzailearen hazkundearekin batera, euskaraz konfiguratutako nabigatzaileen kopurua izugarri handitu zen. Azken urteotan, aldiz, mugikorren hazkundearekin eta kanpainen faltan, kopuruak berriz beherantz egin du. Egoera hori iraultzera dator oraingo kanpaina hau, "Interneten ere, Lehen Hitza Euskaraz!"

Ez duzu lan handirik izango. Gehienez 2 minututako lana da zure nabigatzailearen hizkuntza lehenetsia aldatzea, edo mugikorra euskaratzea (mugikorrak aukera hori ematen badu, noski). Ala ba! Konfiguratu nabigatzailea eta mugikorra euskaraz!



Kanpaina zabaltzen lagundu

Nahi baduzu, kanpaina hedatzen ere lagundu dezakezu. Dela zure webgunean widgeta sartuz, zure erakundean edo elkartean kanpainaren berri emanez, edo zure webgunearen konfigurazioa aldatuz.

Eskerrik asko!!